Berriak
Etiketak: Yacimientos de empleo
BizkaiDay Empleo jardunaldian, aditzera eman zen enpresek eskatzen dituzten profesionalek izan behar dituztela prestakuntza espezializatu eta teknikoa, trebetasunak, gaitasunak, ofimatika eta hizkuntzak
9 urtarrila, 2013
BizkaiDay Empleo 2012 jardunaldian, abenduaren 19an Deustuko Unibertsitateak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatuan, BizkaiLab: Gazteak eta Enplegua proiektuaren barruan, enplegu-bitartekaritzako erakunde batzuetako arduradunek azaldu zuten zer gako diren funtsezkoak Bizkaiko enpleguaren egiazko aukeretan. Euskadiko Adeccoko Hautaketako Zuzendari Silvia Virtok “Tendencias en el Empleo” bere hitzaldian esan zuen eskaera handiena Industria Ingeniaritzetan dagoela –hizkuntzak lagun, eta merkataritzan aritzeko– , Telekomunikazioetan, Informatikan, Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritzan eta Industriako Lan Hezkuntzan –hizkuntzak jakinez gero–.
Berak adierazi zuenez, lan-merkatuak ekonomia ekoefiziente eta lehiakor batera pasatzea ekarriko du; eta, horrek, seguru asko, guztiz eragingo die prestakuntza gutxien duten langileei. Testuinguru horretan, kualifikatuenek izango dituzte lagun teknologia berriak. Globalizazioak errekrutatze globala erraztuko du, autoenpleguak gora egingo du epe labur eta ertainera, behin betiko lana ez da helburua izango eta orientatzea eta aholkatzea izango da enplegu berriak garatzeko markoa.
Silvia Virtoren esanetan, enpresek esperientzia eskatzen dute euren alorrean, prestakuntza espezializatua eta motibazioa. Ildo horretatik, funtsezkoa da prestakuntza ez bukatzea Unibertsitatean; izan ere, ikasteko prozesua da, eta gazteek konprometitu behar dute berori hobetzera: euren ahalmena entrenatu eta landu behar dute.
Azaldu zuen bezala, enpresaburuek nabarmentzen dute gazte titulatuek prestakuntza akademiko ona dutela, baina ez dutela prestakuntzarik enpresaren arloan behar diren trebetasun eta gaitasunetan; eta horrek, jakina, euren garapen profesionala oztopatzen du. Ildo horretatik, ziurtatu zuen prestakuntza ona dela arrakastaren gakoa. Orekatua izan behar du prestakuntzak: batetik, prestakuntza akademikoa, teknikoa eta espezializatua; eta, bestetik, trebetasunak, gaitasunak, ofimatika eta hizkuntzak.
Ondorioz, Adeccoko arduradunak esan zuen beharrezkoa dela ikustea nola bilakatzen den merkatua epe ertain eta luzera, norberaren trebetasunak bultzatu behar direla irakaskuntzan eta erraztu behar direla autonomia eta espezializazioa, etorkizunari begira eta beste merkatu-zoko batzuk bilatzeari begira. Horrez gainera, esan zuen guztiz sustatu behar direla hizkuntzak, graduondokoak eta ikerketa ezagutzaren arlo guztietan. Azken finean, enplegua osotzat hartzea.
BizkaiLab: Gazteak eta Enplegua proiektua ere aurkeztu zen ekitaldian. Iratxe Arístegui soziologoak eta Deusto Gizarte Berrikuntzako Zuzendari Garbiñe Henryk koordinatu dute. Azterlanaren helburua da aztertzea zelan dagoen egun enplegua Bizkaian, ikustea enplegua bilatzeko benetako aukerak zein diren eta aurkitzea non topatzen den enplegua.
Aurretiazko emaitza batzuk kontuan hartuta, badirudi erlazio egoki samarra dagoela hezkuntza-eskaintzaren eta lan-eskaeraren artean, oso espezialitate jakin batzuetan izan ezik. Halere, ezinbestekoa da doitzea zenbat leku eskaintzen diren eta zenbat eskatzen diren gero, eta zenbatetan espezializatu behar diren gehiago. Gehiagotan eskatzen da eskaera-eskaintza berregokitzeko aukera, gaitasun, balio eta jarrera profesionalak garatzeko, eduki praktiko hutsak baino.
Prestakuntza sendoaz gain, lan-merkatuaren eskaera da profesionalari gehiago balioesten zaizkion beste ezaugarri batzuk, lotuak baitaude ekimenarekin, esfortzuarekin eta konpromisoarekin, talde-lanarekin, gogoarekin, ikasi nahiarekin, jarrera ekintzailearekin, hizkuntzekin…
Bizkaiko enplegu-hobiei dagokienez, proiektuak ikusi du inportanteak direla automozioa; energiaren arloa; aeronautikaren arloa; informazioaren teknologien eta weben arloa; biozientziak eta nanoteknologiak; osasunaren eta gizarte-osasuneko zerbitzuak eta pertsona zaharrentzako arretaren arloa; kultur, gastronomi eta ostalaritzaren arlo turistikoa; eta kudeaketaren eta industria sortzaileen arloa.
Utzi ezazu zure iruzkina