Hemen zaude
  • Hasiera
  • Berriak
  • BECen aurkeztu da Foccus Conference izenekoa, turismo enogastronomikoari buruzko biltzarra, eta horren antolaketan hartzen du parte Deustuko Turismo Sailak

Berriak

Etiketak:

BECen aurkeztu da Foccus Conference izenekoa, turismo enogastronomikoari buruzko biltzarra, eta horren antolaketan hartzen du parte Deustuko Turismo Sailak

2012ko uztaila 19

Bilbao Exhibition Center-en aurkeztu zen, uztailaren 10ean, Foccus Conference delakoa, turismo enogastronomikoari buruzko nazioarteko biltzarra. Biltzar horren antolaketan hartzen du parte Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko Turismo Sailak. Biltzarra azaroaren 5ean, 6an eta 7an izango da, eta jakintzaren, berrikuntzaren eta talentuaren transferentziako foro bihurtu nahi du, enpresak, unibertsitateak, ikerketa zentroak eta administrazio publikoa elkarreraginean aritzeko, eta jarduera turistikoaren barruko berrikuntzaren garrantziaren inguruan eztabaidatzeko.

 

Ospakizun hori Deustuk eta Bilbao Exhibition Center-ek sinatutako lankidetza hitzarmenaren barruan kokatu behar da. 2011ko urrian sinatutako hitzarmen horren bidez, baliabideak eta ikerketa, prestakuntza eta antolaketako gaitasunak partekatzen dituzte bi erakundeek, turismo enogastronomikoaren sektorean. Izan ere, garrantzi handikotzat jotzen da turismo sektoreko profesionalen prestakuntza. Horretarako, beharrezkoa da batasun handiagoa izatea ikerketan, zientzian eta industrian, eta esparru horretan gero eta garrantzi handiagoa hartzen du nazioarteko biltzarrek betetzen duten funtzioak.

Hitzarmen hori kontuan harturik, BECek antolatzen du turismo enogastronomikoari buruzko logistika arloa, eta Biltzarraren inguruko zabalkundea egiten du, egoki deritzon ekitaldi eta sustapen ekintzetan. Deustuko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko Turismo Sailak, bere aldetik, konpromisoa hartzen du Biltzarra martxan jartzeko lanak diseinatzeko, koordinatzeko eta laguntzeko. Biltzar hori Foccus conference 2012: Travel, eat and drink azokaren barruan egingo da.

Enogastronomia turismorako baliabiderik nagusienetarikoa dela ikusi da, batez ere, era tradizionalean eta artisautza oinarri harturik eraldatzen eta aurkezten diren nekazaritza eta elikadura produktu bereziak ekoizten, zaintzen eta sustatzen diren lurralde batzuetan.

Ildo horretatik, turismo enogastronomikoa eskaera urte sasoi jakin batetik edo batzuetatik bereizteko segmentu gisa ikusten da, eta benetako alternatiba bat da nekazaritza eremuak eta lehenengo sektoreko jardueretan oinarritutako inguruak garatzeko. Kontuan izan behar dugu Espainiak baduela 2009tik Turismo Enogastronomikoa Sustatzeko Plan bat eta hainbat autonomia erkidegok, Euskadik besteak beste, halako turismoaren aldeko apustua egin duela azken urteotan. Zehatzago esanda, Euskal Turismoaren azken Marketin Planak lehenetsi egiten ditu gastronomia eta ardoa.

Turismo sektoreko enpresa sarea enpresa handi, txiki eta ertainek osatzen dute, baina ugariagoak dira txikiak eta ertainak. Baina, ETEetan zailtasun handiagoa ikusten da informaziora eta jakintzara jotzeko eta, horrela, zalantzazko egoerak murrizteko. Horrexetan datza, hain zuzen ere, nazioarteko biltzar horren garrantzia, bertan jorratu nahi baitira ekimen sortzaile eta berritzaileak, bai eragile pribatuek eta bai publikoek, nazionalek eta nazioartekoek burutzen dituztenak turismo enogastronomikoaren esparruan, horrela bereizi eta lider bihurtzeko.

Hortaz, ekimen berritzaileak sustatu eta zabaltzeko asmoz, Biltzarrak profesionalei gonbitea luzatzen die euren proiekturik berritzaileenak ezagutarazteko, zelan pentsatu eta garatu dituzten eta zeintzuk izan diren emaitzak plazaratzeko. Horrela erraztu egin nahi da handien eta txikien ekimenen sinergia sortzea estatu eta nazioarte mailan.

Gainera, elkarrekin hausnartzeko bidea erraztearren, aldi bereko saioetan think-tankak egingo dira. Bertan, batzordeak hautatutako komunikazioen egileek aukera izango dute jendaurrean eztabaidatzeko biltzarreko funtsezko gaien gainean: kultura, janaria eta edaria, erosketak eta izaera.

Atzerriko hizlariak

Izenburu iradokitzaileko hitzaldiak emateko (En busca de la felicidad a través del turismo enogastronómico edo Innovación en el turismo enogastronómico, adibidez), Biltzarrak ospe handiko adituak bilduko ditu: Michael Hall, Zeelanda Berriko Canterbury-Christchurch Unibertsitatekoa; Alejandro Aznar, Marqués de Riscaleko presidentea; Carlos Chaguaceda, Zorionaren Coca Cola Institutuko presidentea; Carlos Romero Dexeus, Segittur-eko I+G+B-ko zuzendaria; edo Carlota Cascciola, Luxury Wine & Gourmet toursekoa. Ez ditugu ahaztu nahi beste gonbidatu, kazetari, aktore eta Michelín izarra duten Bizkaiko sukaldari batzuk ere.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*