Berriak
Etiketak: Eventia
“Zoriona eta berrikuntza turismo enogastronomikoan” hizpide, BECen
28 iraila, 2012
“Zorionaren bila, turismo enogastronomikoaren bidez” eta “Berrikuntza turismo enogastronomikoan” dira nazioarteko zenbait hizlari ospetsuk aztertuko dituzten gaietako bi, Turismo Enogastronomikoaren Nazioarteko I. Kongresua Travel, Eat & Drink Conferencen, BECen, azaroaren 5etik 7ra. Foccus Bilbao 3. edizioa, Sukaldaritzari eta Elikadurari buruzko Feria Profesionala, egingo da aldi berean. Deustuko Unibertsitateak parte hartzen du ekitaldia antolatzen. Lehenengo edizio honen asmoa da eztabaida sortzea turismo arloa berritzearen garrantziaren gainean, enpresa eta erakundeen eraginkortasuna hobetze aldera. Hortaz, turismo eta nekazaritzako elikagaien arloarekin lotutako profesional guztiei begira dago; eta, horretarako, parte hartuko dute hainbat kudeatzaile eta profesionalek, nazioarteko izena baitute bidaien eta turismoaren industrian eta turismoaren zientzietako ikerketan.
Hizlarien maila
Aipatzekoa da kongresu honetako hizlarien nazioarteko ospe eta itzala; esaterako: Michael Hall, Zelanda Berriko Canterbury-Christchurch-eko Unibertsitatekoa; Mark Stickdorn, Innsbruck-eko Unibertsitatekoa, School of Tourism Business Studies at Management Center-ekoa; Alejandro Aznar, Marqués de Riscaleko Presidentea; Carlos Chaguaceda, Zorionaren Coca Cola Institutuko Presidentea; edo Carlos Romero Dexeus, Sociedad Estatal para la Gestión de la Innovación y las Tecnologías Turísticas, S.A.ko I+D+i Zuzendaria (Segittur).
Honako hauek ere arituko dira: Carlota Cascciola, Luxury Wine & Gourmet tours-ekoa; Darran Williamson, miniatura-sukaldaritza berriko sukaldari aditua; Oriol Robira, Els Casals jatetxeko Chef-a; Joan Sales, Burricletaren sortzailea; Phillippe Stauber, Oktoberfest-Alemania-koa; Santiago Vivanco, Ardaoaren Kulturako Museoakoa eta Dinastía Vivanco Fundaziokoa; Iñaki Gorrotxategi, Goxokien Museokoa; Manuela Oviedo, Mar Galaicako gerentea; Paul Wagner, Great Wine Capitals-San Francisco-koa; eta Jimmy Pons, Rumboko Publizitate Aholkularia. Eta ezin dugu ahaztu Bizkaiko hainbat kazetari, aktore eta sukaldari famatu, Micehelín izarrak dituztenak, ere daudela gonbidatuen artean.
Zientzi eta teknologi programa
Zientzi eta teknologi programa baten bidez gauzatuko da Kongresua. Hau da, hitzaldiak egingo dira, eta, geroago, hizlarien arteko saioak izango dira, topaguneko funtsezko gaiei buruzko ageriko eztabaida erraztu eta sendotzeko.
Titulu iradokitzailea: “Zorionaren bila turismo enogastronomikoaren bidez, merezi du bidaia bat?” programaren hasiera izango da. Horrez gainera, honako hauek ere aztertu eta eztabaidatuko dira: “Berrikuntza turismo enogastronomikoan”; “Enogastronomia, helmuga turistiko bat ezagutzeko argudioa den aldetik”, ekitaldiak eta produktuak oinarri direla; “Bikaintasuna bilatzea berrikuntzaren bidez”, eta horretan turismoaren berrikuntzaz hitz egingo da, hiru gako hauek kontuan hartuta: teknologia, banaketa eta gizarte sareak; “Turismo enogastronomikoa, helmuga bat kokatzeko faktore nagusia den aldetik: Esperientzia arrakastatsuak”; eta bukatzeko, ondorio orokorren saioa egingo da, eta, gero, bisita teknikoak.
Helmuga turistikoak, emozio lekuak
Helmuga turistikoak emozio lekutzat hartzen dira, eta jarduera turistikoa zorionaren industriatzat. Hori halaxe da, pentsatzen delako turismoak esperientzia gogoangarria ekarri behar duela, geroago kontatu eta berriro gogoratzeko. Kongresuan, ondo aztertuko dira turismo enogastronomikoaren esparruko eragile publiko eta pribatuek, nazional eta nazioartekoek gauzatzen dituzten ekintza sortzaile eta berritzaileak, bereizteko eta liderrak izateko aukera ekartzen baitute.
Hitzaldietan lau nondik norako aztertuko dira: kultura, janaria eta edaria, erosketak eta bertakoen izaera. Hori dela eta, zenbait gai ukituko dira; esaterako, enogastronomia helmuga turistiko bat ezagutzeko argudioa den aldetik; turismo enogastronomikoaren balioa agertzeak ekarritako eredu arrakastatsuak; turismo enogastronomikoa, ohiko sektoreentzat negozio-ildo berria izateagatik; eta helmuga turistikoak kokatzea gizarte sareen bidez, besteak beste.
Halaber, turismo arloa sustatzeko sortu da Turismo enogastronomikoaren nazioarteko I. Kongresua Travel, eat & drink conference. Mundu ekonomiaren zutoin funtsekoetakoa da arlo hori, eta, zehazki, enogastronomia, agerian utzi baitu argudio nagusietakoa dela turismoan eta eskaera desorekatu dezakeela, eta, gainera, garapen ekonomikoa ari da bultzatzen lehen sektoreko jardueretan oinarritutako nekazaritza eremuetan.
Utzi ezazu zure iruzkina