Berriak
Etiketak: EJOLAS
KIMI: Adimen desgaitasuna duten haur eta nerabeen artean ohitura osasungarriak sustatzeko app berria
19 abendua, 2013
DeustoTech Life (eBizia) unitateko ikertzaileak, Euskal Herriko Down Sindromea Fundazioaren laguntzarekin, iPaderako aplikazio bat diseinatzen eta garatzen ari dira, ohitura osasungarrien arloan hezteko eta sustatzeko. Deustuko Unibertsitateko ikertzaileen eta Euskal Herriko Down Sindromea Fundazioko erabiltzaileen eta langileen arteko lankidetzako esperientzia baten bidez, app bat prestatu da, adimen desgaitasuna duten pertsonen artean ohitura osasungarriak sustatzeko. KIMI iPaderako aplikazio bat da, jolas formatuan oinarritua; eta pertsonaiak, Kimik, Martitzetik etorritako estralurtarrak, tokiko ohiturak ikasi behar ditu. Lagun horrek gidatu egingo du jokalaria eta aholkuak emango dizkio abenturan zehar. Horrela, haurrak eta nerabeak motibatu egiten dira jolasten jarraitzeko, elkarreragina areagotuz. Aplikazioak modua ematen du adimen desgaitasuna duten pertsonek erabiltzeko, bakarka edo gurasoekin edo laguntzako langileekin batera, edo bakarka eginda. Aplikazioa adimen desgaitasuna duten haur eta nerabeen artean probatuta dago eta emaitzak bikainak izan dira orain arte. Euskal Herriko Down Sindromea Fundazioko parte hartzaile eta profesionalek diotenez, Kimi oso aplikazio erakargarria eta interesgarria da talde horrentzat. Inguruak oso intuitiboak dira eta adimen desgaitasuna duen edozein pertsonak elkarreraginean jarduteko eta aplikazioaz gozatzeko modua ematen du, berdin dio zein laguntza beharrizan duen. KIMI aplikazioa pertsona helduekin ere probatzen ari dira, ea talde horretarako ere egokia den ikusteko. Emaitza, haur eta nerabeekin bezala, oso positiboa da. Ikertzaileen aburuz, joko formatua egokia da, baina gai egokiak aurkitu behar dira. Horregatik, bizitza independente eta autonomora zuzendutako aplikazio berrietan lan egiten jarraitzen dute. Euskal Herriko Down Sindromea Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da, Down Sindromea zuten pertsonen gurasoek 1990ean sortua. Bere misioa da adimen desgaitasuna duten pertsonen inklusioa eta gizarte partaidetza lortzea, eskubide guztiak dituzten herritar izan daitezen. DeustoTech Life (eBizia) seinalearen prozesamendu digitaleko tekniken esparruan espezializatutako ikertalde bat da. Gaur egun, teknika horiek bi arlo desberdinetan aplikatzen ari dira: alde batetik, audioaren prozesamendu digitalean, ahotseko patologiak dituzten pazienteen arazoak konpontzeko, laringektomizatuen taldean aparteko arreta jarriz; bestetik, irudia prozesatzeko tekniken garapenean, Biomedikuntzako diagnostikoen euskarri gisa eta biometrian. Azken batean, ikerketa zientifikoaren jarduera eremuak Ingeniaritza Biomedikoa eta gizarte mailako arazoak konpontzera bideratutako proiektuen garapena hartzen ditu ardatz, egoera ahulean dauden pertsonengan aparteko arreta jarririk.
Utzi ezazu zure iruzkina