Hemen zaude
  • Hasiera
  • Berriak
  • Enpresako Diplomaziari buruzko Deustuko jardunaldia “Enpresako diplomazia balioko palanka berria “

Berriak

Etiketak:

Enpresako Diplomaziari buruzko Deustuko jardunaldia “Enpresako diplomazia balioko palanka berria “

2014ko maiatza 12

Azken urteotan, indartsu sortu da Enpresako Diplomazia kontzeptua, kudeaketaren arloan. Enpresa ekimeneko arlo berri hori kanpoko merkatuetan arrakasta izateko behar diren baldintzak sortzeaz arduratzen da, baita erakundearen helburuak nazioarteko inguruan lortzen laguntzeaz ere.

 Enpresako Diplomaziak eskatzen du enpresek eta enplegatuek zeregin berriak betetzea, historikoki diplomatikoek egin izan dituztenak, enpresak beti ezin baititu maximizatu herrialdeko gobernuaren edo enbaxadaren gaitasunak eta baliabideak.

 Globalizazioko estrategia babestea bere gain hartzeko jarduera berri horien artean (enpresa handi zein ETEek egin beharrekoen artean), honako hauek aipatu daitezke:

  • Eragin eta harreman sare bat zabaltzea helmugako merkatuan.
  • Merkatu horietan aritzen diren stakeholderrak identifikatzea, ezagutzea eta kudeatzea.
  • Arrisku geopolitikoa aztertzea.
  • Erakundearen ospea etengabe kudeatzea.
  • Merkatuen arteko kultura eta politika desberdintasunak ulertzea eta horri etekina ateratzea.

 Azken hamarkadan, enpresa ehunak merkatu berriak zabaltzeari ekin dio, fakturazioa handitzeko eta negozio jarduera eta ildoak dibertsifikatzeko. Gertaera horrek eraginda, enpresak konturatu dira nazioarteratzeko estrategiaren barruan badirela zenbait jarduera funtsezkoak direnak hobetzeko, gaur egun ez baitute nahikoa tresna, ezagutza eta gaitasun hori guztia kudeatzeko.

 Enpresaren ohiko kudeaketan jasotzen ez diren jarduera horien artean daude atzerriko gobernu eta administrazio publikoekiko harremana, harrerako inguruan oso sustraituta dauden eta gaitasun mediatiko handia duten intereseko taldeekiko elkarreragina, edo nazioarte mailako arrisku geopolitikoen kudeaketa. Hori guztia egin behar dute erakunde gisa egonkorrak diren merkatuetan, indarra hartzen ari direnetan eta mugako merkatuetan. 

 Jarduera horiek desegoki kudeatzeak ekarri dezake arrisku batzuk agertzea, gauzatuz gero, nazioarteratzeko estrategiari eta enpresaren emaitzei kaltea ekarri diezaioketenak. 

Arriskurik garrantzitsuenen artean hauek nabarmendu daitezke: desjabetzea, esparru juridiko edo erregulaziokoan ustekabeko aldaketak gertatzea, tokiko aurkari politikoen arteko gatazkak sortzea, instalazioei edo pertsonei fisikoki kalte egitea, ustelkeria eta ustelkeriaren kontrako legeria, jabego intelektuala ebastea eta/edo etnia, erlijio edo kultura arazoak sortzea.

 Enpresako Diplomazia egokia hedatzeak eta kudeatzeak erronka horiei guztiei erantzuten die, erakundeak nazioartean jarduteko gaitasuna hobetzea lortzen delarik, ospea egoki kudeatzea lortzen delako, kanpoko merkatuetan harreman sare sendoa bermatzen delako eta espazio geografiko eta negozio arlo berriak zabaltzen direlako.

 Deustuko Unibertsitateak prestatu dituen Enpresako Diplomaziari buruzko jardunaldiek ikuspegi osoa eman nahi diote Enpresako Diplomazia kontzeptuari, eta euren jardueren kudeaketa eta nazioarteko zabalkundea hobetzeko behar dituzten tresnak eta ezagutzak eskura jarri nahi dizkiete jardunaldi horietara datozen enpresa- eta erakunde-kudeatzaileei.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*