Hemen zaude
  • Hasiera
  • Berriak
  • Andrés de Mañaricúari egindako omenaldia, Euskal Herriko ikaskuntza historikoen iragana eta etorkizuna aztertu den jardunaldiaren barruan

Berriak

Etiketak:

Andrés de Mañaricúari egindako omenaldia, Euskal Herriko ikaskuntza historikoen iragana eta etorkizuna aztertu den jardunaldiaren barruan

2012ko azaroa 13

Rafael Mieza, Nerea Mujika, Karmele Santa María eta Josune Ariztondo 

Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuak, Labayru Ikastegiaren laguntzaz, Andrés E. de Mañaricúa apaiz, irakasle eta Bizkaiko Seme Bikainaren jaiotzaren mendeurrena dela eta, “Euskal Herriari buruzko ikerketa historikoen iraganaren eta etorkizunaren artean” izeneko oroitzapenezko Jardunaldia ospatu zuen azaroaren 8an. Inaugurazioan hauexek egon ziren: Jaime Oraá, errektorea; Mario Iceta, Bilboko apezpikua; Josune Ariztondo, Bizkaiko Kultura diputatua; Ander Manterola, Labayru Ikastegiko zuzendaria; Jon Andoni Atutxa, Bizkaiko Batzar Nagusietako mahaiko lehenengo idazkaria; eta Nerea Mujika, Euskal Gaien Institutuko zuzendaria.

 

Topaketaren barruan, 11:00etan, Mañaricúak idatzitako Historiografía de Vizcaya. Desde Lope García de Salazar a Labayru lanaren 3. edizioa aurkeztu zen, zuzendua eta gehikuntzak eginda. Lanak ikuspegi pausatu eta neurtua eskaintzen du Euskal Herriaren inguruko literatura historiografikoan geratu diren lekukotasunei buruz. Ildo horretatik, Historiografía kontsultako lan klasikoa dugu, ezinbestekoa euskaldunen iraganean interesa duenarentzat; eta ereduzko mugarria dugu, idazlearen memoria ohorez janzten duena. Ekitaldira hurbildu zirenei lanaren ale bat eman zitzaien opari.

Jardunaldiaren barruan beste ekitaldi batzuk ere egon ziren. “Don Andrés: maestro por su vida y obra” hitzaldia eskaini zuen Mª Carmen Santa Maríak, Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutukoak. Mahai-inguru bi ere izan ziren: lehenengoa, Andrés de Mañaricúak Euskal Ikaskuntza Historikoei egindako ekarpenaz (Bizkaiko Foru Zuzenbidea, Eliz Historia, Erdi Aroko Euskal Historia eta Historiografia); eta, bigarrena, Euskal Ikaskuntza Historikoek XXI. mendean dituzten erronkei buruz (Foru Zuzenbidea, Euskal Herriko Historia eta Euskal Historiografia).

Lehenengo mahai-inguruan, Javier Barrio Marro, Enkarterrietako Museoko zuzendaria, moderatzaile lanetan zela, hizlari hauek aritu ziren: Andrés Urrutia Badiola, Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko irakaslea, Bizkaiko Foru Zuzenbideaz mintzatu zen; Iñaki García Camino, Bizkaiko Arkeologia Museoko zuzendaria, “El cristianismo en el País Vasco. De los orígenes al siglo XII” gaia aztertzeaz arduratu zen; Juan Manuel González Cembellín, Bizkaiko Eliz Museoko zuzendaria, “Historia medieval del País Vasco” gaia lantzen aritu zen; eta José Ángel Achón, Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko irakaslea, Euskal Herriko Historiografia lantzeaz arduratu zen.

Bigarren mahai-ingurua Rafael Mieza y Miegek moderatu zuen eta hizlariak hauek izan ziren: Andrés Urrutia Foru Zuzenbideaz mintzatu zen; José Ángel Achón Euskal Herriko Historiaz aritu zen; eta Fernando Mikelarena Peña, Zaragozako Unibertsitateko irakaslea, Euskal Herriko Historiografian barneratu zen.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*