Hemen zaude
  • Hasiera
  • Berriak
  • AHALDUN NAGUSIAK BERRETSI DU ALDUNDIAK GAZTEEKIN ETA TALENTUAREKIN DUEN KONPROMISOA TALENTIA PROGRAMAKO DIPLOMAK BANATZEAN

Berriak

Etiketak:

AHALDUN NAGUSIAK BERRETSI DU ALDUNDIAK GAZTEEKIN ETA TALENTUAREKIN DUEN KONPROMISOA TALENTIA PROGRAMAKO DIPLOMAK BANATZEAN

2012ko ekaina 26

José Luis Bilbaok edizio honetan parte hartu duten unibertsitate ikasleei bikaintasunaren alde egindako apustua eskertu die, “horixe baita etorkizunaren bidea”; bidenabar, une latz hauetan Foru Aldundiak gazteak lagundu eta babestu nahi dituela nabarmendu du.

 

Bizkaiko ahaldun nagusi José Luis Bilbaok Bizkaiko Foru Aldundiak gazteekin eta talentua sustatu, atxiki eta bereganatzearekin duen konpromisoa berretsi du Talentia programaren hirugarren edizioan parte hartu duten unibertsitate ikasleei diplomak banatzeko ekitaldian. Ildo beretik, foru erakundeak gazteen enplegurako plan bat duela gogorarazi du, baita beka programa bat ere, une latz hauetan gazteei laguntza eskaintzeko.

José Luis Bilbaok Talentia programan parte hartu dutenei bikaintasunaren aldeko apustua egin izana eskertu die; izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak ere bat egin du apustu horrekin. “Eskerrik asko esfortzua eta bikainatasuna lortzea zuen bideen ardatz bihurtzeagatik. Horixe baita etorkizunaren bidea. Zuen etorkizunarena, eta geure etorkizunarena, Bizkaiko gizarte osoarena” esan du; horren ondoren nabarmendu du Bizkaiko Foru Aldundiak aspalditik egiten duela lan talentuaren alde. Talentua sustatu, atxiki eta bereganatzeko 3,8 milioi euroko inbertsioa egin du erakundeak azken urteetan, ahaldun nagusiak zehaztu duenez. Eta inbertsio horri esker, 85 talentu gure lurraldeko 46 erakundetan txertatu ahal izan dira.

“Pertsonak eta horien talentua baliabide nagusia dira XXI. mendeko ezagutzaren ekonomia berrian. Eta horregatik, hain zuzen ere, gure jardunaren ardatz nagusietako bat talentua bultzatzea, geureganatzea eta zaintzea da. Bizkaia nazioarteko talentu eta berrikuntza sareetako kide izan daiteke zenbait arlo estrategikotan. Gure jomugak sare horietan egotea izan behar du, eta hori lortzeko lanean ari gara” azaldu du José Luis Bilbaok ekitaldian; berarekin batera bertan izan dira, halaber, Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko foru diputatua, eta hiru euskal unibertsitateetako errektoreordeak, Carmelo Garitaonaindia (UPV/EHU), Robertos San Salvador (Deustuko Unibertsitatea) eta Jon Altuna (Mondragon Unibertsitatea).

Egindako adierazpenetan, ahaldun nagusiak Talentia programaren hirugarren edizio honetan parte hartu dutenei gogorarazi die lehentasuna izango dutela Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako bikaintasun bekak jasotzeko; beka horiei esker, gazte eskatzaileek 10.000 euro arteko laguntzak eskuratu ahalko dituzte, nazioarteko prestigioa duten unibertsitate eta zentroetan prestakuntza jasotzen segitzeko. “Eta, aldiz, lehenengo urrats profesionala eman nahi baduzue, kasu horretan ere hor izango gaituzue, zuen alboan. Gazteen Enplegurako Plan bat dugu, zuen enpresa sortzen laguntzeko edo praktika kontratu batekin lanean hasteko” azaldu du.

Ildo horretan, Foru Aldundia gazteen ondoan egongo dela nabarmendu du, bereziki une ekonomiko zail honetan. “Babesa ematen, laguntzen segitzeko prest gaude. Badakigulako garai zailean bizi garela. Eta badakigulako zuek zaretela gure etorkizuna. Badakigu zuek gabe, gazterik gabe, ez dagoela etorkizunik” nabarmendu du José Luis Bilbaok.

148 parte hartzaile

Bizkaiko Foru Aldundiak talentua bultzatzeko duen tresnetako bat da Talentia programa. Ekimen aitzindaria eta bakarra da estatu osoan, talentuaren alde egin duenari aukerak emateko abiarazitakoa; egitasmoaren xedea unibertsitateko ikasleen artean indar gehien dutenak Bizkaiko enpresa errealitatera eta errealitate zientifiko-teknologikora gerturatzea eta horretara lotzea da.

Programa honen edizio honetan 148 parte hartzaile izan dira, eta, horrez gain, lehen aldiz hiru euskal unibertsitateen partaidetza ere izan du (Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea). Parte hartzaileen kopuru horri esker, programaren gorakada finkatu egin da unibertsitate ikasleek emandako harrerari dagokionez. Izan ere, lehen aldiz Deustuko Unibertsitatean esperientzia pilotu gisa martxan jarri zenetik, Talentian parte hartu duen ikasle kopuruak gora egin du etengabe.

Gorakada ekimenak duen arrakastaren isla da; horrez gain, aurreko edizioetako hamar parte hartzailetik zortzik beste ikasle batzuei gomendatuko lieketela adierazi dute, eta programari 10 puntutik 7,8ko nota eman die. Datu hori ere, zalantzarik gabe, arrakastaren froga da.

Aurten, Talentia programan parte hartu duten ikasleak arrakasta profesional nabarmena duten pertsonekin bildu dira, tartean Xabier Uribe-Etxeberria, Koldo Saratxaga, Pedro Luis Uriarte, Jon Azua, Javier Ormazabal, Josu Zabala, Txomin García edo Garikoitz Araolazarekin, besteak beste. Horrez gain, enpresa proiektuak eta proiektu zientifiko-teknologikoak zuzenean ikusi ahal izan dituzte. Zehazki esateko, AIC, Arteche, Cic Biogune, Eroski, Euskaltel, Guggenheim, Idom, ITP eta Tecnalia bisitatu dituzte.

Enpresa eta zentro horiek guztiak, gainera, Talentiako parte hartzaileen curriculuma jasoko duten 38 entitateen zerrendan jaso dira, ekimen honen bidez gazteak eta lan merkatua lotzeko beste neurri bat baita curriculumak igortzea.

Bizkaia.net

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*