Hemen zaude
  • Hasiera
  • Berriak
  • Francisco González BBVAko presidenteak adierazi du Deustuko Unibertsitatean banketxea ezin hobeto kokatuta dagoela industrian aldaketa lideratzeko

Berriak

Etiketak:

Francisco González BBVAko presidenteak adierazi du Deustuko Unibertsitatean banketxea ezin hobeto kokatuta dagoela industrian aldaketa lideratzeko

2013ko otsaila 25

Francisco GonzálezFrancisco González BBVAko presidenteak uste du banketxea ezin hobeto kokatuta dagoela, finantzen lehenengo taldean parte hartzeko ez ezik, industrian aldaketa lideratzeko ere. Halaxe esan zuen DeustoForumek antolatutako laneko gosarian, otsailaren 22an, Europari begira izeneko zikloaren barruan eskaini zuen ‘El sector financiero en la futura Europa’ hitzaldian. Eta erantsi zuen: ‘BBVA finantza talde globala, sendoa eta dibertsifikatua da gaur egun. Eta, krisia baino askoz lehenagotik, birmoldatzen ari gara eta etorkizunari aurrea hartuko dion negozio-eredua eratzen’.

 

Francisco Gonzálezen aburuz, ‘hau BBVAren momentua da’. Espainian, ‘aukera moduan ikusten dugu krisia’, etxeko merkatuan dugun presentzia zabaltzeko aukera moduan. Estatu Batuetan ‘frankizia sendoa eratzen ari gara; herrialde garatuetan hazteko ahalmen handiena du, eta populazioaren digitalizazio maila oso altua izan arren, bankuen eskaintzaren garapena oso apala du’. ‘Lidergoa dugu Mexikon eta Latinoamerika osoan eta sendo sartzen ari gara Turkian’, adierazi zuen Francisco Gonzálezek, BBVAk Txinan duen lekua ere aipatu zuelarik.

Hitzaldian zehar, Francisco Gonzálezek Europaren integrazio prozesua, Espainiako egitura aldetiko birmoldaketak, finantza-industriaren erronkak eta BBVAk testuinguru horretan dituen ikuspenak aztertu zituen. Europar Batasunari dagokionez, BBVAko presidenteak uste du ‘gure etorkizuna europarren Europatik pasatzen dela -nazioaren subiranotasunaren zati bat europar erakundeei ematetik, herritarren onerako- eta, zorionez, bide horri ekiten diogula’, bankuen, zergen eta ekonomiaren batasunean aurrerapausoak aurreikusteaz gain, europar erakundeak berrindartuko direlarik.

Horren ondotik, BBVAko presidenteak Espainiako krisia deskribatu zuen, ‘hobetzeko aukera’ dela esanez. Krisia gertatu da, ‘aurretik izan genuen oparotasunez beteko hamarkada aprobetxatu ez dugulako gure arazoak konpondu eta gabeziak zuzentzeko’. Hala ere, Francisco González baikorra da, aurrekontuen austeritatearekin, pentsio sistemekin, lan-merkatuarekin eta finantza sektorearekin lotutako erreformen inguruan: ‘bide zuzenetik goaz’, esan zuen.

Hobetu beharreko gaien artean, hauek aipatu zituen: sektore publikoaren erreforma sakona, finantza arloaren berrantolaketa osatzea, langabeziaren arazoa eta lehiakortasuna areagotzea ekarriko duten erreformei ekitea.

Finantza-sistema birmoldatzea

Gonzálezen aburuz, ‘euroa sortu eta hamarkada batera, goitik beherako birmoldaketa behar duen finantza-sistema dugu’. Alde batetik, antzematen du ‘jendea ez dagoela batere gustura funtzionamenduarekin’, erakunde batzuen erreskateak eta birmoldaketak kostu handia ekarri dielako zergadunei, hazkunde ekonomikoari eta enpleguari. Eta, bestetik, europar banku-merkatua oso zatituta dago, hau da, ‘erakunde nazionalizatuak eta, BBVAk bezala, krisiari aurre egin dioten erakunde pribatuak daudelako’. Gainera, ‘bankuaren herrialdea zein, eskuragarritasuna eta kostuaren likidezia asko aldatzen dira’.

Horregatik guztiagatik, BBVAko presidenteak pentsatzen du ‘finantza-industriak aldaketa teknologiko, antolaketako eta kultural sakonak behar dituela’. Arau aldaketek, globalizazioak eta teknologiaren aurrerakuntzek definituko dute birmoldaketa hori.

‘Sektoreak askoz eraginkortasun handiagoa behar du. Eta iraultza teknologikoak finantza zerbitzuen produkzio eta zabalkunde eredu gero eta eraginkorragoak, komenigarriagoak eta baliagarriagoak egiten ditu posible erabiltzaileentzat’, azaldu zuen. Aldaketa teknologikoarekin batera, Francisco Gonzálezek ‘etengabeko berrikuntzaren kultura eta ospea zaintzea’ mantendu beharraren garrantzia aipatu zituen, ‘bezeroekiko harremanetan zintzotasuna eta gardentasuna oinarri harturik’.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*