Berriak
Etiketak: Deusto Forum Bizkaia
Kanpo Gaietarako Ministro José Manuel García-Margallok adierazi zuen, DeustoForumen, helburua dela Europako Estatu Batuak lortzea
25 urtarrila, 2013
Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako Ministro José Manuel García Margallok parte hartu zuen urtarrilaren 21ean DeustoForumen Miradas a Europa zikloan, eta eman zuen hitzaldian aztertu zuen zergatik gertatu den europar krisia, eta, gainera, zenbait irtenbide proposatu zituen, bere ustez, herrien artean batasun politiko handiagoa izateak dakartzan arazoak konpontzeko. Kontua da batasun politiko horrek baduela amaierako helburu bat: Europako Estatu Batuak sortzea.
Kanpo Gaietarako titularrak, Deustuko Unibertsitateko ikasle ohiak, uste du Europak arazo politiko bat duela eta inbertsiogileek ez dutela inbertitzen ez dutelako argi ikusten elkarrekin jarraitu nahi dugun. Ildo horretatik, berak pentsatzen du eredua aldatu behar dugula, behin zuzendutakoan iraganeko gehiegikeriak, eta behin murriztutakoan defizita eta zorrak. Hasiera batean, bere iritzian, Europako Banku Zentralak mugagabeko likidezia bermatu beharko luke, ekonomiak indartu daitezen eta zor soberanoaren eta banku-zorraren arteko lotura apurtu dadin. Eta ondoren, europar moneta-fondo batekin ordezkatu beharko litzateke erreskatearen mekanismoa, oso geldia eta zorrotza baita.
Ustelkeriaz galdetuta, Ministroak adierazi zuen fenomeno etikoki arbuiagarria ez ezik, oso garestia ere dela ekonomi ikuspuntutik, guztiz oztopatzen duelako kanpotarren inbertsioa eta demokrazi sistema higatzen duelako. Bere aburuz, behar-beharrezkoa da kargu publikoetakoen praktika maltzurrak erauztea, juzku paralelorik ez egitea bermatzeko.
Erkidego batzuen saiakera independentistei dagokienez; esaterako, Kataluniarenari dagokionez, Ministroak esan zuen ez duela Europar Batasuneko Estatu bakar bat ere ezagutzen, prest dagoenik independentziarako albo bakarreko adierazpenik onartzeko. Horren harira, uste du autodeterminazioaz hitz egitea, independentea izateko eskubide gisa, espainiar arauen kontrakoa dela, eta bai europarrenen kontrakoa ere. Hori dela eta, aditzera eman zuen, kasu horretan, edozein lurralde geratuko litzatekeela EBtik eta bere barruko merkatutik kanpo automatikoki.
Maliko iparraldea berreskuratzearen inguruan, Ministroak pentsatzen du afrikar tropek egin behar dutela eta Maliko armadak izan behar duela burua horretan. Gogora ekarri zuen Espainiak instruktore batzuk bidaliko dituela tropak prestatzeko eta giza laguntza desblokeatuko duela. Azkenik, adierazi zuen NBEren ebazpen batek babesten duela frantsesen parte-hartzea eta legezkotasunaren onura guztiak dituela.
Hitzaldia Miradas a Europa zikloaren barruan dago kokatua. Horren helburua da gogoeta egitea Europar Batasunaren etorkizunaz, zenbait ikuspuntu kontuan hartuta: politikoa, ekonomikoa, soziala, kulturala… Horretarako, jakin behar da zer uste duten arlo horietako pertsona sonatu eta liderrek. DeustoForumen ekimen honetan zenbait gonbidatu izan dira; esaterako, Josep Borrell eta Josep Ramoneda filosofoa.
José Manuel García-Margallore lan-ibilbidea lotu-lotua egon da politikarekin PPko kide gisa, eta erantzukizun handiko karguak izan ditu nazioko eta nazioarteko arlo ekonomiko eta fiskalean.
Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide eta Ekonomiako Lizentziatua da (1961-1965), eta titulu horietako lehena Estatuko Epaitegian baliozkotu zuen (1965), bikain kalifikazioa lortuta. Estatuko Ikuskatzaile Tekniko egin zen 1968an, eta 1972 eta 1973 bitartean arrakastaz gainditu zituen International Tax Program-a eta Master of Laws izenekoa, Harvard Law Schoolek ematen dituenak.
1990etik abokatu aritu zen. Donostiako Zuzenbide Fakultatean jardun zuen irakasle, eta bai Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Europako Erkidegoetako Masterrean eta Madrilgo Enpresa Institutuko Erkidego Fiskalitateko Masterrean ere.Elcheko Miguel Hernández Unibertsitateko Zuzenbideko Doktore gradua lortu zuen 2004an, bikain cum laude kalifikazioa erdietsita.
Politikaren arloan, hirurogeiko hamarkadan hasi zen bere ibilbidea. PPren kide sortzailea izan zen (1976), Gorte Nagusietako Diputatua izan zen, Valentzia eta Melilla ordezkatuz (1977-1994), Kongresuko Diputatua (1977-1979), Kultura Ministerioko Garapen Komunitarioko Zuzendari Nagusia (1977-1979) eta Ekonomia eta Ogasuneko Bozeramalea (1986-1989; 1989-1993; 1993-1994), besteak beste.
Europako Parlamentuko Diputatua da 1994tik, non zenbait kargu izan dituen; esaterako, Ekonomia eta Moneta Gaietako Batzordeko presidenteordea (1999-2004), eta abar. Egun, Andeetako Komunitateko herriekiko Harremanetarako Ordezkaritzako presidentea ere da.
Kanpo Gaietarako eta Lankidetzarako Ministro aukeratu zuten 2011ko abenduaren 22an. Meritu Zibileko Gurutze Handia eman zioten (1982), eta bai Konstituzio Merituko Ordena ere (1983).
Utzi ezazu zure iruzkina