Berriak
Etiketak: Bizkailab
Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Eta Deustuko Unibertsitateko Errektoreak Bizkailab aurkeztu dute, jakintzagune bat Bizkaiaren zerbitzura
25 apirila, 2012
Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, José Luis Bilbaok, eta Deustuko Unibertsitateko Errektoreak, Jaime Oraák, BIZKAILAB proiektua aurkeztu dute gaur goizean. BIZKAILAB jakintza-, garapen- eta berrikuntza-gune bat da, Bizkaiarentzat interes handikoak diren 11 arlo jorratzen dituena.
José Luis Bilbaok eta Jaime Oraák azaldu duten moduan, BIZKAILABek 80 proiektu ditu martxan eta Deustuko Unibertsitateko 233 ikertzaile ari dira lanean bertan.
José Luis Bilbaok adierazi duenez, Bizkaiko Foru Aldundiak 12 milioi euro jarriko ditu, Deustuko Unibertsitateak BIZKAILAB martxan jartzeko eta aurrera eramateko; izan ere, haren hitzetan, “bihar-etziko lanpostuak bermatzeko modu bakarra gure gazteen prestakuntzan laguntzea da, bikaintasuna lortu dagien laguntzea, gure unibertsitate-sistemari laguntzea”.
Hori dela eta, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak zera erantsi du: “Foru Aldundiak guztiz babesten dau gaurko ekimen hau, gura daualako gure gazteak bikainak izan daitezan bihar”; izan ere, “jakintzan eta ikerketan inbertitzea gure oinarri zientifiko eta teknologikoa lantzeko eta zabaltzeko inbertitzea da eta, ondorioz, krisi ekonomikotik urteteko, lana sortzeko eta Bizkaiko ekoizpen-egitura eta sarea moldatzeko inbertitzea da”.
Jaime Oraá Deustuko Unibertsitateko errektoreak, berriz, nabarmendu du “BIZKAILAB moduko ekimenek zentzu handiagoz janzten dutela Unibertsitatearen funtzio soziala: ikertzea, gizarteari ekarpena egiteko, eta jakintza sortzea eta garatzea, erabakiak hartzen eta arazoak konpontzen laguntzeko”.
Bestalde, Jaime Oraák adierazi duenez, “gaur inoiz baino gehiago, erakundeen arteko lankidetza krisiari aurre egiteko aktibo bihurtu behar dugu. Politika eta zientzia, jardutea eta jakitea, erakundeak eta unibertsitateak; horiek guztiek elkarren beharra dute, arazoak behar bezala zehazteko eta konponbideak identifikatzeko”.
BIZKAILAB
BIZKAILAB Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Deustuko Unibertsitatearen arteko lankidetza-esperientzia berritzailea da eta helburu argia du: zientzia, jakintza eta ikerketa, Unibertsitatearen zereginak direnak, eta lidergo politikoa, lurraldearen kudeaketa eta erabakiak hartzea, foru erakundeari dagozkionak, uztartzea. Azken baten, Bizkaiko gaur eguneko gizarteak dituen eskaera eta beharrizanei heldu eta erantzun nahi zaie ekimen honekin.
Gaur aurkeztu den ekimen honek Bizkaiko Foru Aldundiak eta Deustuko Unibertsitateak iaz sinatu zuten urte batzuetarako hitzarmena du euskarri. Hitzarmen horrek 4 urtetan 3 milioi euroko diru laguntza ematea aurreikusten du.
BIZKAILABen 11 arlo lehenetsi dira eta, horien barruan, 34 ekimen eta 73 ekintza. Arloak askotarikoak dira, besteak beste, enplegagarritasuna, lehiakortasuna, euskara, memoria eta historia, gizarte-ekintza, garapen iraunkorra, garraioa eta mugikortasuna. (ikusi honi erantsitako dokumentua).
Ekimenean Deustuko 233 irakasle eta ikertzailek hartzen dute parte zuzenean.
WEBGUNEA
Aurkezpen-ekitaldian, BIZKAILABen webgunea ere aurkeztu da (www.bizkailab.deusto.es). Bertan daude ikusgai BIZKAILABen barruan garatutako proiektu eta txosten guztiak.
Oraintxe, badira kontsultatzeko moduan hainbat gairen gaineko lanak: etengabeko prestakuntza, gazteen lan-merkatua, hazkundea eta lehiakortasuna, lehiatzeko adimena, gizarte-bazterketa, desgaitasuna, mendekotasuna, genero-berdintasuna, adingabeak, immigrazioa, gizarte-sareak, aisia eta IKTak, toponimia, etab.
Utzi ezazu zure iruzkina