Hemen zaude
  • Hasiera
  • Berriak
  • Bizi-bizi aurten EHMG mintegia: 9. edizioa amaitu berritan, 10.a ari da antolatzen urrian New Yorken

Berriak

Etiketak:

Bizi-bizi aurten EHMG mintegia: 9. edizioa amaitu berritan, 10.a ari da antolatzen urrian New Yorken

2013ko ekaina 26

Iturria: www.euskalkultura.com.

Ekainaren 18 eta 19an egin zen Bilbon Euskal Herria Mugaz Gaindi mintegiaren bederatzigarren edizioa, eta antolatzaileen esanetan “arrakastatsua izan da, bai arlo zientifikoan, bai zabalkuntzan eta baita parte hartzeari dagokionez ere”. Pedro Oiarzabal historialariaren esanetan, entzuleen artean “Euskal Herrira itzuli diren emigrante eta erbesteratuak izan ziren; Argentinatik, AEBetatik, Mexikotik eta Venezuelatik etorriak”, eta hizlariak “Argentina, Kanada, Espainia, Euskal Herria, Italia edo Poloniako unibertsitatetakoak” izan ziren. Mintegia finkatu egin da eta aurten bertan egingo du hamargarren edizioa New Yorken, hiriko Euzko Etxea elkartearen Mendeurreneko ekitaldien baitan.

Bilbao, Bizkaia. Euskal Herria Mugaz Gaindi euskal emigrazio eta Diasporari buruzko mintegiaren bederatzigarren edizioa Bilboko Deustuko Unibertsitatean egin zen iragan ekainaren 18 eta 19an, eta antolatzaileen esanetan, topaketa “arrakastatsua” izan zen. Mintegia Euskal Herritik kanpoko euskal historia eta kulturari buruzko ikasketen topagune bilakatu da.

Horretarako, ezinbestekoa izan da “erakundeen sostengua”, antolatzaileen aburuz. Horien artean dira “Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritza, UPV-EHU, Deustuko Unibertsitatea, Eusko Ikaskuntza, EuskalKultura.com eta beste zenbait”, Pedro Oiarzabal (Deusto) historialari eta antolakuntza kideak azaldu duenez. “Erakundeen arteko elkarlana eta itzuli diren emigranteen partehartzea funtsezkoak dira”.

Hain zuzen ere, itzuleraren fenomenoa izan zuen hizpide bederatzigarren edizioak eta Oiarzabalen aburuz “mahai gainean jarri du gure gertuko iragana ikertzen jarraitzeko beharra eta emigratu edo erbesteratu zirenen lekukotzak jasotzeko beharra”. Ikerlariaren ustez, “gure iragana eta oraina ulertzeko ezinbestekoa da emigratu eta erbesteratu zirenen historia jasotzea”.

Mintegiaren bertsio birtuala uztailaren 2a arte egingo da EuskoSare webgunean, hemen.

Etorkizunari begira

Iragan ikertu arren, mintegiak etorkizunera begira darrai eta bide honetan sakontzen jarraitzeko asmo sendoa agertu dute antolatzaileek. Horren seinale da EHMG-ren hamargarren edizioa aurten bertan ospatuko dela, New Yorkeko euskal etxearen Mendeurreneko ekitaldien baitan. Euzko Etxea AEBetan sortu zen aurreneko euskal elkartea izan zen eta euskal emigrante askorentzat herrialde honetara sarbidea izan zen.

Mintegiaren gai nagusia euskaldunek hiri honetan izan duten presentzia eta historia izango dira. Topaketak New Yorkeko Unibertsitate entzutetsuenetako baten sostengua izango du: Columbia University. Bertan egingo da lehen saioa, urriaren 10ean, eta Euzko Etxearen egoitzan bigarrena, biharamunean.

Mintegian parte hartuko duten historialari eta ikertzaileen artean honakoak izango dira: William Douglass (Center for Basque Studies, Reno-Nevada University), Oscar Álvarez Gila (UPV/EHU) eta Pedro J. Oiarzabal (Deustuko Unibertsitatea). Mintegiaren babesleen artean dira Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritza, Columbia Unibertsitatea, UPV-EHU eta Deustuko Unibertsitatea.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*