Helmuga turistikoa
Ekimen honen bidez lortu nahi da Unibertsitatea helmuga turistiko gisa indartzea hainbat eratako jendearentzat (unibertsitate eta zientzia arlokoentzat, erlijio eta ignaziotar espiritualtasunaz interesa dutenentzat, toki historiko eta monumentala den aldetik, etab.) eta, ondorioz, Bilbo eta Bizkaia ere kalitateko helmuga turistiko gisa indartzea.
Deustuko Unibertsitateak azken 125 urteotan izan duen ibilbidea dela eta, gero eta interes handiagoko elementuak pilatu dira bertan toki askotatik Bilbora eta Bizkaira heltzen diren herritarrentzat.
Deustu unibertsitatea izateak eguneko balioa ematen dio, ikerketari eta irakaskuntzari lotuta. Gorago Eventia proiektuan aipatutako biltzar, foro eta ekitaldiei loturik, hainbat jatorritako irakasleak eta ikertzaileak bertora etortzea aukera interesgarria da Bilborentzat eta Bizkaiarentzat helmuga gisa.
Baina Unibertsitateak nortasuna eta memoria ere baditu. Urteen joanak ugaritu egin du bertako geletan prestatu diren eta bertatik atera diren pertsonen kopurua. Pertsona horiek estuki loturik daude Unibertsitatearen historiarekin eta, afektuzko eta bizipenezko lotura hori egoki zainduta, Mundus proiektuan jasotzen zenez, esparru interesgarria izan daiteke Bilbo eta Bizkaia helmuga turistiko gisa kokatzeko.
Bestalde, Deustuko Unibertsitatea Jesusen Lagundiaren ardurapean dago. Erlijio ordena hori mundu osoan zabalduta dago: berrehun unibertsitate, lehen eta bigarren hezkuntzako mila ikastetxe, parrokia, santutegi eta gizarte-erakunde ugari ditu. Hortaz, milaka pertsona dira, mundu osoko txoko guztietan barreiatuta. Ignaziotar espiritualtasunari lotutako pertsonak dira. Bilbo eta Bizkaia helmuga turistiko gisa aukeratu dezaketen pertsona asko.
Deustu toki historikoa ere bada, monumentu gisa interes handiko tokia, kultur ondare izendapena duena, pil-pilean dagoen hiri inguru batean kokatua, etengabeko aldaketa sakonean murgilduta dagoena. Bilboren eta Bizkaiaren interesa sendotzen duena, toki edo espazio gisa.
Ondorioz, Deustuko Unibertsitateak duen askotariko balioa (unibertsitate eta zientzia aldetikoa, erlijio eta ignaziotar espiritualtasun aldetikoa, historia eta hiriko monumentu aldetikoa) Bilbo-Bizkaia esperientzia sortzeko baliabidea da.