Hemen zaude:

Garraioa eta mugikortasuna

Ekimen honen barruan, bideen azpiegitura, ibilgailuak eta THBren sistema logistikoak aztertzera eta hobetzeko proposamenak egitera bideratutako ekintzak jaso dira, baita garraiobideen erabileraren eta horri lotutako balioen soziologian sakontzekoak ere.  Helburua litzateke mugikortasun segurua eta iraunkorra izatea.

Ekimen honen bitartez, Deustuk THBren bide-sistemen egoera aztertuko du, errepideen ulerkera berria sortzeko aukera emango duen teknologia berrietan oinarritutako praktika berritzaileak identifikatuz. Horrela bide-sarea estatiko eta bizigabe gisa ikustetik elementu bizi eta aldakor gisa ikustera pasatuko gara, inguruarekin lotuta aritzeko eta hainbat egoeratara (klima, trafikoaren kudeaketa, larrialdiak, etab.) egokitzeko gaitasunarekin.

Halaber, ibilgailuetan hobekuntzak egin daitezen lagundu nahi da, seguruagoak eta iraunkorragoak izan daitezen. Horretarako teknologia berriak erabiliko dira, gidariak informazio gehiago izateko, ingurua hobeto kontrolatzeko, segurtasuna hobetzeko eta ingurumenean eragin gutxiago izateko.  Funtsezkoa da, era berean, iraunkortasunari dagokionez, teknologia elektriko eta hibridoen garapenari arreta eskaintzea; eta aztertzea zelako eragina izango duen sare elektrikoetan eta hornidura sistemetan ibilgailu elektrikoen zabalkunde masiboak.

Arlo horretan behar-beharrezkoa da beste eragile batzuekiko lankidetza eta, bereziki, AICrekin (Automotive Intelligence Centre). Deustuko Unibertsitatea ari da harekin elkarlanean ikerketan eta prestakuntzan.

Ekimen honen barruan merkataritzako gaien garraioa ere jasotzen da, Bizkairako eta bertako industrientzat ekonomia aldetik eta gizarte eta ingurumen eraginaren aldetik duen garrantzia kontuan harturik.  
Ekimen honen bidez eta beronen barruan garatzen diren jardueren bidez, ibilgailuen joan-etorria hobetzen eta bideko segurtasuna areagotzen lagundu nahi da, azpiegituren eta ibilgailuen energia kontsumoa murrizten, herritarren gogobetetasuna areagotzen bizi kalitatea hobetuko dieten zerbitzuen bidez, eta ibilgailu partikularren eta merkataritzakoen erabilera iraunkorragoa sustatzen.   

Garraioa eta mugikortasuna-ren akzioak