Energia eta ingurumena
Ekimen honen bidez, Deustuko Unibertsitateak hainbat ekintza jarriko ditu abian Bizkaia iraunkortasunerako eta erantzukizun energetikorako bokazio argia duen lurraldetzat jo dadin.
Horretarako Energia eta Ingurumeneko Behatoki bat eratuko da, energiaren merkatuetan, baliabide material industrial eta etxekoen kontsumoan eta hondakinen kudeaketan jarduteko ildo berriak sustatzeko, dena ere iraunkortasunerako bokazio argia erakutsirik.
Ehun urte baino gehiagoko historian, Deustuk bere ahalmen guztiak jarri ditu gizartearen zerbitzura, gizartearen eboluziorako eta garapenerako hil edo bizikoak diren gaietan erantzukizun kolektibo handiagoa sustatzeko. Ikuspuntu horretatik, Unibertsitateak behatzaile inpartzial gisa dihardu gizarte aldaketa askotan eta hainbat jarduera sustatzen ditu talde-erantzunak hobeto egituratuak izan daitezen, gardentasuna eta objektibotasuna oinarri dituela.
Une honetan uste dugu iraunkortasuna, bereziki energiarekin eta lehengaiekin lotuta dagoena, lehenetsi beharreko arlo bat dela, gizarteari, erakundeei, enpresei eta partikularrei hausnarketarako, analisirako, prestakuntzarako eta proposamenak sortzeko espazio bat eskaintzeko, bide horretatik aurrerakuntza eta gizarte ehunaren garapena gidatu dezan eta, oro har, inguru eraginkorragoa eta arduratsuagoa lortzen laguntzeko.
Iraunkortasunerako irizpide operatiboek derrigor ekarri behar dute eurekin batera irizpide ekonomiko eta ingurumenekoak aztertzea eta, beharrezkoa izanez gero, zuzentzea. Zenbait esparrutan, politiken tratamendu desintegratuak, jakintza arlo desberdinen ikuspegi partzialak erabili baitituzte, hainbat ondorio ekarri ditu: batetik, eztabaida zabala sortu da eragileen artean, ikuspegi desberdinak ez eze, interes kontrajarriak ere baitauzkate; bestetik, uste sendoa zabalduz joan da, adostasuna egongo bada, arazoen ikuspegi integratu batean oinarritua izan beharko duela eta arazoen ebaluazio lasai, inpartzial eta objektiboaren bidez hierarkizatu ahal izango direla arriskuak eta irtenbideak.
Ekimen honen inguruan ikerketa zehatzak egingo dira esparru teknologikoetan, ingurumenaren zenbait kontu monitarizatzeko eta hobetzeko, eta energiaren eta baliabide materialen kontsumoaren eraginkortasuna hobetzeko eta kontrolatzeko.