Hemen zaude:
  • Hasiera
  • Bizkaia Gobernantze Onerako: gobernantza, partaidetza, eskubideak eta betebeharrak

Bizkaia Gobernantze Onerako: gobernantza, partaidetza, eskubideak eta betebeharrak

 

Arlo honetako ekimenek Bizkaiko lurralde historikoko gobernantza hobetzeko ikasketekin dute zerikusia, politika publikoen egituren, prozesuen eta emaitzen ikuspuntutik.

Politikak ideologien krisia pairatzen du bi aldetatik. Batetik, krisia desbalorizazio gisa ulertuta, desideologizatze prozesu gisa, berehalako arazoei epe laburreko irtenbideak bilatu nahi teknokratiko eta gerentzialagatik Bestetik, krisia definizio falta gisa ulertuta, paradigma zientifiko eta teknologiko berriak eragindako aldaketa sozialek planteatutako sakoneko arazoei erantzunik ematen ez zaielako. Arazo berriek ideologia berriak behar dituzte edo, behintzat, eguneratuak.

Erakundeek politikak garatu beharra dute, ideologiak eguneratzeko dagoen krisitik abiatuta, herritarrek erakundeekiko eta alderdi politikoekiko duten mesfidantza gogoan harturik, eta politikak, oro har, bere balioa galdu duela oharturik. Gainera, mundu mailako ekonomia eta finantza krisiak mugatu egiten du nabarmen eskura dagoen baliabide kopurua.

Bestalde, mundu globalak munduaren gobernu etengabea behar du. Abiada bizian doan munduak prozesu azeleratuei berehalako erantzunak emango dizkien gobernua behar du. Eta azken urteotan gertatu diren garrantzi handiko zenbait gertakarik erakusten dute gaur egun ez dagoela halako gobernurik. Eta munduko gobernu hori eratzen, estatuen ondoan, nazioek, eskualdeek eta hiriek paper berri eta garrantzizkoa eskatzen dute.

Testuinguru horretan hiru lan-ildo zabaltzen dira: gobernantza; partaidetza, aniztasuna eta lankidetza; eta fiskalitatea. Puntu horien guztien inguruan garatuko dira datozen urteetako ekintzak eta proiektuak.  Ekimen horiek erantzunak bilatu nahi dituzte honako gaietan: res publica delakoaren gobernu ona; zuzenbidezko estatu sozialaren baliabide mugatuak eta zerbitzuen kudeaketa; eragile berrien (herritarrak, laugarren sektorea…) partaidetza, demokrazia eredu parte hartzaileago eta deliberatiboagoa; kultura aniztasunaren gobernua; globalizazioaren eraginik gaiztoenak jasaten dituztenekiko nazioarteko lankidetza eta elkartasuna; eta balio demokratikoak eta justizia soziala bezalako balioen aurrerapausoak bermatuko dituen zerga eredu bat definitzea.