Euskal Hotsak ahoskatzen

Gaur egun, nahiz eta merkatuan hainbat produktu dauden ahoskerarekin zerikusia dutenak, ez dago plataforma hezgarririk erakusten duenik hotsen artikulazioa maila morfologikoan nolakoa den, hau da, nola jokatzen duten fonazio organoek hotsen artikulazioan. Orokorrean nola jokatzen duten baiezta litekeen arren, euskararen kasuan garrantzia berezia du.

Euskarari dagokionez -eta hizkuntza gehienetan berdin gertatzen da- ez dago hotsen artikulazioaren ikerketa fonetikorik maila morfologikoan, hau da, benetako irudien prozesamendu digitaletik ateratakorik. Era berean, ez dago ahoskatzeko patologiak dituzten hiztunen hotsak sortzeko moduaren deskripziorik. 

Proiektu honetan arlo hori lantzen da produktu teknologiko baten bidez, erresonantzia magnetikoaren bidezko irudietatik (MRI) abiatuta , 2 eta 3 dimentsiotan eginda, euskararen hotsen modelizazio dinamikoak azaltzen dira. Horretarako software berezia sortu da zehaztasunez neurtzeko artikulazio organoen eta MRIko 2Dko irudietako erresonantzietako barrunbeei dagokien guneen arteko distantzia; eta gaur egun 3D bertsio egiten ari dira. Plataforman badaude beste teknika batzuen bidez lortutako materialak ere, hala nola, elektropalatogramak, bideoak eta hainbat material osagarri. 

Material guzti horiek bertako plataforma teknologikoan integraturik daude, eta hark ordenatu eta hierarkizatu egiten ditu helburuen arabera, hau da, zer nahi duten produktuaren erabiltzaileek:

  • Euskararen fonetikaren ikasle eta irakasleak.
  • Euskara bigarren hizkuntza gisa ikasten dutenak.
  • Euskalkietako hiztunak, erregistro estandarrean modu egokian hitz egin nahi dutenak.
  • Ahozko hizkuntzaren profesionalak: Esatariak, politikoak, irakasleak, etab. 
  • Ahoskatzeko patologiaren bat duten pertsonak.
  • Arlo honetako aditu eta ikertzaileak.

Orain arte lortutako emaitzak helbide honetan ikus daitezke:  http://deustotechlife.deusto.es/fonetiker