Enpresa sarea

Lehiakortasunaz gain, ekimen honek hobetzeko beste inguru batzuk bilatu nahi ditu zenbait kontzepturen inguruan, hala nola lidergoa, merkataritza elektronikoa, gizarte-ekonomia edo konkurtso egoeren prebentzioa.

Gizarte-ekonomiak garrantzi handia du lurralde historiko osoan. Kooperatibek eta lan-baltzuek lagundu dute horretan azken urteotan. Horren guztiaren azpian dauden balioak nazioartean aldarrikatu izan dira, batez ere, sekula ezagutu eta bizi izan dugun finantza eta ekonomia krisia ekarri diguten jokabideen berri ezagututa. Ekimen honen bidez, Bizkaiko gizarte-ekonomiako enpresen mapa egin nahi da, euren erronkak eta beharrizanak identifikatu, azken urteotan izan duten papera nabarmenduz eta gaur egun eta etorkizun hurbilean egin lezaketen papera zein litzatekeen estimatuz.

Gainera, horren barruan, lurralde historikoko enpresa txiki eta ertainek dituzten oztoporik nagusienak aztertzea proposatzen da, euren artean, merkataritza elektronikoaren garapena. Merkatu birtualak erreala ordezkatu ez badu ere, kontuan izan behar da merkataritzako jarduera modernoa Interneten bidezko salmentak sustatzen ari dela. Ondorioz, enpresa modernoen hazkunde-bektoreetako bat sarean presentzia aktiboa izatea da, kontsumitzaile eta bezeroekiko merkataritzako harremana errazteko. Nazioarteko esperientzia gogoan harturik, Bizkaiko ETEen arrakastaren eta porrotaren faktoreak aztertuko dira, baita zeintzuk diren hazkundea zailtzen duten oztopoak ere.